BURUHANDI TAILERRA | Buruhandiak egiteko tailerrak emango dio hasiera aurtengo Erraldoiketari, maiatzaren 21ean

02.05.2022

Buruhandi tailerrarekin ekingo diogu 2022ko Erraldoiketa egitasmoaren antolaketari, maiatzaren 21ean

Erraldoiketa hasteko hilabete batzuk falta dira oraindik, hala ere antolakuntzako lantaldea martxan ari da egitasmoari forma ematen. Horretarako, buruhandiak egiteko ikastaroa prestatu dute datorren maiatzaren 21erako.

Laudioko Gardea auzoko eskola zaharrean gauzatuko da tailerra, arratsaldeko 17:00etatik 19:30ak bitartean.

Bi xede nagusi
Lehena, buruhandiak egiten erakustea eta elkarrekin eraikitzea da. Bigarrena aldiz, ekimena finantziatzeko dirua lortzea. Tailerrean parte hartzen duten kideek, abuztuaren 16ko egitarauko kalejiretan parte hartzeko aukera  izango dute ikastaroan egindako buruhandiekin.

Parte hartzea eta izen ematea
Parte hartzaile guztiek 6 urtetik gorakoak izan beharko dute eta heldu baten laguntzaz etorri beharko dute (helduek bakarrik ere izena eman dezakete). Ikastaroaz gain, buruhandiak nola egin urratsez urrats azaltzen duen liburuxka bat jasoko dute parte hartzaile bakoitzak eta eraikitzen den buruhandia opari eramango dute.

Tailerrak 20€ko prezioa izango du bikote bakoitzeko (edo heldu bat bada bakarrik ere). Izena emateko aldiz, mezu bat bidali beharko da erraldoiketa@gmail.com email helbidera maiatzaren 16a baino lehen. Egitasmoak plaza mugatuak izango ditu.